Iraila iritsi da, eta honekin batera gehienentzat errutinara eta benetako bizitzara itzultzea. Errutinarekin batera emozio desberdinak sortu daitezke, hala nola, ezagutzen ditugun jarduerekiko nagia, etapa berrienganako beldurra, aldaketei tristura, aukera berri baten ilusioa... Gainera, persona batzuk opor osteko sindromea pairatu dezakete, lanera itzultzeko egokitzea oztopatuko duten kontzentrazio arazo eta egoera animiko baxuarekin. Sindrome bezala klasifikatzen den arren, egoera transitorio eta normala kontsideratzen da. Zehazki, zaurgarriagoak izango dira sindrome hau pairatzera, norbere lanpostuan gustora ez dauden pertsonak edo lan-prekarietatea sufritzen dutenak. Beraz, lanpostura bueltatzeak sortu dezakeen ezinegona ez da arazo indibidual bezala sortuko, testuinguruko baldintzek eragindako arazo bezala baizik.
Egunerokotasuna erritmo izugarri batean bizi dugu; milaka betebeharrekin eta eskakizunen karga handiarekin. Beraz, ez da gauza berri edo ezezaguna errutina edo egunerokotasuna bizimodu estresagarri baten barruan aurreikustea. Estresore hauei aurre egiteko, piloto automatikoa pizten dugu, sistemaren eta gizartearen eskariei erantzuteko eta bizimoduaren abiadura jarraitu ahal izateko. Nahiz eta hemen eta orainean ez bizitzeak bizitza betea izatea zailduko duen, zientziaren ikuspegitik errutina honetan murgilduta egoteak hainbat abantaila ekar ditzake, horien artean egunerokotasunarekiko kontrol-zentzua eta egonkortasun emozionala.
Estresik gabeko bizitza ezinezkoa da, baina estresak guregan duen eragina landu eta hobetu dezakegu autozaintzaren bitartez. Autozaintza, ongizate integrala indartuko duten jarduerak izango dira, eta hau nahitaezkoa izango da bizimodu osasuntsua sustatzeko.
Atzera begiratuz, udaran edo oporretan fokua jarriz gero, garai hauetan zerk sentiarazten gaituen ondo galdetu diezaiokegu gure buruari. Udarak, berezko onura ekartzen du? Ala denbora libre horretan egiten dugunak sortzen digu eragin positibo hau? Garrantzitsua izango da udaran ondo sentiarazi gaituzten jarduerak, eguneroko bizitzan mantentzen saiatzea.
Jarduera hauek ez dute zertan gastu ekonomikoa edo berrikuntza handirik suposatu behar, jarduera sinpleek ere onura ekarri diezagukete. Pertsona bakoitzak, jarduera atsegin propioak izango ditu, eta hauek aurkitzea funtsezkoa izango da. Hau autozaintzaren barruan zehaztuko genukeen, eta autozaintza mota desberdinak aurkitu ditzakegu; hala nola, autozaintza fisikoa, emozionala, kognitiboa eta soziala.
Autozaintza fisikorako adibidea deskantsua izan daiteke, ezer egite horretan asko egiten ari garelako. Aldi berean kirol-jarduerak egitea ere autozaintza fisikoa kontsideratuko litzake. Autozaintza emozional bezala, eguneroko bat eduki dezakegu emozioen identifikazio eta adierazpena sustatzeko. Autozaintza kognitibo bezala, irakurtzea edo estimulazio kognitiboa sustatuko duten ariketak egin ditzakegu. Azkenik, lagunekin denbora igarotzea autozaintza sozialaren barruan kokatuko genuke.
Ordutegiak estuak dira, lanean ordu asko pasatzen ditugulako, eta familia zein etxearen zaintza beste hainbeste; baina, ondo sentiarazten gaituzten jarduerak mantentzea beharrezkoa izango da aingura bezala funtzionatu dezaten eta astean zehar emozio atseginak eragingo dituzten momentuak izan ditzagun. Errutinaren bueltan betebehar guztiekin ezin izango dugula sentitu dezakegu, eta hau ere ondo dago. Agian, hainbeste karga hartu behar ez ditugunaren eta gure osasun mentala zaintzen hasi behar dugunaren seinale izan daiteke.
